XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Edozelan ere, komunikabideak errealitate sozialaren sorketa lanean primerako baliabideak dira.

Munduaz dakiguna, ulertzen duguna, interpretatzen duguna, errealitate soziala alegia, neurri handienean komunikabideen eraginari buruz gauzatzen da.

Hemen koka daiteke Martin Serranok (1981) telebistari ematen zion mediatzaile lana.

Bere ustez, telebistak gure eguneroko bizitzaren ingurune esperientziala eskeintzeaz gain,

...interviene en la valoración de la realidad tanto por sus juicios de valor explícitos, como por la valoración implícita que lleva a cabo sobre los temas que aparecen en la pequeña pantalla. (MARTIN SERRANO, 1981: 43)

Modu honetara, telebistan notiziatzen diren gertaeren bidez, mundua ulertzeko ereduak eskeintzen dira, errealitate sozialerako errepresentazio sinbolikoak eskeiniz.

Hau da, azpiatal honen hasieran azpimarratu dugun bezala, komunikabideen eraginik garrantzitsuena.

Praktika informatiboaren bidez, intersubjetiboki barneratu eta amankomunean edukiko den errealitate sozialaren eraikuntza lana da komunikabideen paperik interesgarrienetarikoa.

Telebistak bezala bestelako mass mediek, errealitatea eraikitzean jokatzen duten paperean, boterearekin nolako harremanak dituzten ikertu da.

Vilches-ek (1993) laburbiltzen duenez, hiru dira teoriko desberdinek markatu dituzten abiapuntuak:


-agintean daudenen menpe ari direla komunikabideak, beraien esanetara eta beraiek markaturik moldeen birsortzaile lanean.
-komunikabideak direla egungo gizartearen aitzindari eta agintariak, bestelako botere-estamenduen aurretik,
-bien arteko erlazioa oso estua dela.
Mancini-ren (1985) hitzetan esanda: kazetaritzak eta mundu politikoak elkar aktuatzen dute bata bestera moldatuz eta bien artean nolabaiteko elkar-trukatze konpentsazio sinbolikoa sortuz.

Momentuan momentuko zehaztasun guztiak kontuan hartuta ere, komunikabideek agintearekin sintonian egon eta inter-aktuatzen dutela pentsatzen dugu.

Burutu izan diren hainbat azterketen emaitzak hala erakusten dutenez, mass mediek proposatzen dituzten errealitate sozialaren errepresentazioetan agintearen legitimazioa eta status quoaren mantenimendua publizitatzen dira.

Edozelan ere, agintea politiko-ekonomiko-soziala eta komunikabideak elkar-erlazionaturik daudela aipatu dugun arren, jo dezagun lehenengo, errealilate soziala denaren definizioan kazetariari eskeini zaion papera aztertzera.

2.1.4.-Kazetarien zeregina eta errealitate soziala

Errealitate sozialaren ingurukoak, beste askoren artean baina guretzako nagusi diren komunikabideak eta bere baitan lanean aritzen diren profesionalak ezagutzea komenigarria da oso.

Izan ere, produktu mediatikoa bere ahalmen osoz hel dadin kazetalgintzaren instituzionalizazio eta legitimazioa beharrezkoak baititu.

Kazetaritzari buruzko jarrera liberaletatik hasi eta newsmaking-a lantzen dutenen bitartekoa oparoa da, lanbide honen ingurukoak ezagutzeko orduan.

Telebistak errealitate sozialaren eraikitzaile lana ikertzeko orduan bi izan dira abiapuntu gisa hartu izan direnak: makro eta mikrosoziologikoa.

Lehenaren aldeko ikertzaileen ustez, interesgarria da ezagutzea instituzio sozialen arteko harremanak eta hauek telebistarengan duten eragina, audientzia globalak eta guzti hauen efektua aldaketa sozialean.

Notizien esparru zehatzetara jeitsiz, Tuchman-ek (1978) gogoratzen digunez, jarrera honen defendatzaileen ustez notiziak gizartea isladatzen du, kazetari eta enpresa informatiboen eraginez baino, notiziak egitura sozialaren arabera gauzatzen dira.